XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arimaz dohain ederren jabe: adimendu azkar eta argia, irudimen aberats eta lotu ezina, bihotz eta sentipen sakon eta sarkorrekoa.

Ni jarri naute gaurko mahai inguru honen sarrera egile.

Egia esango badizuet, beldur pixka batekin nator.

Pertsona baten barne aldea beti da gauza sakratua.

Beste aldetik bakoitzak bere burua ezagutzen lanak baldin baditu, besterena nola argi dezake?.

Esango ditudan gauzak maxiatzen aritzea ez ote den beldurrez nago, eta zinez ez nuke horrelakorik nahi.

Halaz ere, eta beldur guzti hoiek gora behera, gaurko solasaldi hau probetxugarri izan daitekeela uste dut.

Mitxelenaren obra bera hobekiago konprenitzeko lagun dezakeela, alegia.

Mitxelenaren pertsonalitatea zerbait nabar eta nahasi zen.

Ohiturik gaudenetik kanpoan eta landara dagoen zerbait.

Haren obran nabari diren zenbait gauza beharbada arraro, bitxi eta egozkaitz iruditzen zaizkigun gauzak bera zer moduzkoa zen jakinik argitzen dira, neurri batean behintzat.

Ni neure begiz nola ikusten dudan Mitxelenaren pertsona adierazten saiatuko naiz.

Baina, jakina, gero bakoitzak bere aldetik dakiena ere esan dezala; eta denon artean elkar hizketa eginez, ahaleginduko gara irudi-erretratu bat ahal den egiazkoena taxutzen.

Egia esan, haren kideko edo ikaslagun hertsia ez naiz ni.

Hura baino urtebete gazteago.

Beraz kurso berekoak ez ginen.

Baina hori bai, elkarrekin dexente urtez bizi izanak.

Lehenik, Arantzazuko kolejioan mutiko koxkorrak ginela, bi urtez elkarrekin egon ginen.

Gero Foruan urtebete.

Nafarroako Erri-Berri-n, urtebete.

Teologi garaian berriz ere Arantzazun, bi urtez.

Oroitzen naiz, handik laster, hura Aguilera-n zegoela eta ni Comillas-en, eskutitz bat egin niola eta idazki eder luze batekin erantzun zidala.

Ibili naiz orai idazki hura topatzeko ahaleginak egiten, baina ez dut topatu ahal izan.

Gero ere sarri ikusten genuen alkar, edo ni Donostiara etortzen nintzelako edo hura Arantzazura joaten zelako, etab.

Frantzian ere, Bordeleko komentuan hain zuzen, oroitzen naiz uda batez aste batzuk egin genituela biok; ni frantsesean zerbait trebatzera joana nintzen, hura berriz Frantzian barna itzuli bat egitera, eta han ustegabean elkarrekin topo egin genuen.

Ameriketatik honera zetorrenean ere beti agertzen zen Arantzazura.

Behin baso bat garagardo hartzera Zelaizabalera gomitatu ninduen.